AurkezpenaErabilera, abusua eta mendetasunaOndorioak eta arriskuakDroga nagusiakJokatu, erantzun, lagundu, laguntza jasoInformazioa eta datuen jatorriaBibliografiaGlosategia

 

Ez dago drogarik gabeko gizarterik

Gaur egun, badakigu “droga” edo “substantzia psikoaktibo” guztiek antzeko moduan jarduten dutela garunean, legez kanpoko drogak, alkohola, tabakoa edo psikofarmakoak izan. Ezin uka, ordea, substantzia batzuk beste batzuk baino arriskutsuagoak direla.

Jakin badakigu gainera, droga kontsumoaren ohiturak errotik aldatu direla, batez ere gazteenen artean: kanabisaren deribatuak hedatu dira, hordikerien maiztasuna handitu da, tabakoaren kontsumoa maila altuetan egonkortu da, heroinaren kontsumoa jaitsi da, sintesi drogen kontsumoa sendotu da, dopajearen praktikaren arriskuei buruzko kontzientzia hartu da, psikofarmakoetara sarri jotzen da, eta, batez ere, zenbait substantzia legal edo legez kanpokoen konbinazioa egiten da.

Gaur egun, badakigu egoera batek dituen arriskuak baloratzeko, jokabideak eta kontsumoa egiten den testuinguruak substantziak bezain erabakigarriak direla.

Zergatik da beharrezkoa informatzea?

Duela zenbait urtetatik, drogen aurrean egin beharreko ekintza politikak eztabaida ideologiko sutsuak piztu izan ditu. Bestalde, herritarrei eskaini zaien informazioa mezu kontraesankor eta lausoetan oinarritu izan da sarritan.

Egoera horrek gaizkiulertuak, kezkak eta beldurrak areagotu ditu, baina, batez ere, ezintasun sentipena droga kontsumitzaileen aurrean. Axolagabetasunaren eta dramatismoaren artean kili-kolo, neurriz kanpoko jarrerak bultzatu ditu.

Egia da gainera, gaiari buruzko ezagutza urria izan dela denbora askoan. Nahiz eta duela zenbait urtetatik datu zientifiko askoz fidagarri eta ugariagoak izan, ez dira beti zeresanik duten pertsonen eskura jarri. Egoera are kezkagarriagoa, egia esan, datuak bizkortasun handiz bilakatu ahala. Esate baterako, aldian behin droga berriak agertzeak informazioa etengabe eguneratzea eskatzen du.

Zergatik drogei buruzko Web bat?

Web honek helburu bat baino gehiago du.

Lehenik eta behin, drogei eta mendetasunari buruz gaur egun eskura dagoen informazioa eskaini nahi du. Informazioaren objektibitatea eta fidagarritasuna bermatzeko, arestian eginiko azterlan zientifikoetan eta espezialista ugariren eskarmentuan oinarritu da.

Web orrialdeak substantziei eta beren ondorioei buruzko informazioa aurkezten du, baina baita arrisku faktoreei buruzko datuak eta babes faktoreei buruzkoak ere (kontsumoa bultzatzen dutenak eta kontsumoa gutxi lezaketenak, hain zuzen ere).

Datu estatistikoak eta informazio baliagarria eskaintzen ditu legezko alderdiei buruz, baita zenbait helbide erabilgarri ere. Asmo handiko helburua da, egia esan, ondo baitakigu zein puntutaraino den zaila, modu zehatz eta ulergarrian, ezaupide zientifiko korapilatsuak azaltzea. Informazio objektiboak eskuratzeko dagoen eskariari behar bezala erantzungo diolakoan gaude ordea.

Gazteen eta haiek inguruan dituzten pertsonen artean, gurasoak bereziki, elkarrizketa baliagarri bat hasten lagun dezan nahi dugu ere bai.

Izatez, alferrik da familiei aholkatzea seme-alabekin drogei buruz hitz egin dezaten, ez badituzte horretarako beharrezkoak diren argudioak eta ezaupideak.

Gaia ezagutuz gero, seme-alaben beharrak entzun ahal izango dituzte, haien ahultasunez eta hartzen dituzten arriskuen larritasunaz jabetuko dira. Askoz prestatuagoak egongo dira horrela, hezitzaile gisa egin behar duten lana egiteko, espezialista batengana jo gabe.

Ezin ahatz dezakegu, dena den, informazioa, ona izan arren, ez dela berez nahikoa jokabideak aldatzeko.

Ez dago drogarik gabeko gizarterik; sekula ez da halakorik izan.

Bestalde, ez da mirarizko konponbiderik fenomeno honentzat.

Badira, ordea, kontsumo arriskutsuak saihesten eta halako kontsumoak gertatzen direnean arriskuak gutxitzen ahalegintzen diren erantzun eraginkorrak.

Guztiari erantzuna eman ezin badiogu ere, Web orrialde honek erreferentzia egokiak eskaintzen dizkio pertsona bakoitzari, drogen errealitate korapilatsua ezagutu eta ulertzeaz gainera, zentzuz jokatzeko modua izan dezan.

 

© EDEX 2020 Fitxa teknikoa