“Zer egin dezaket gogoa badut?”

Aldi batez erregura sentitzen jarraituko duzu. Horren ohitura luzea ez da bi egunetan ahazten. Dena den, gogoak gero eta txikiagoak izango dira, eta horrek zure eginahala askoz eramangarriagoa egingo da. Egiazta ezazu! Asterik astera izorratzen zaituen erregura gutxituz doala ikus dezakezu.

 

Tentaldiaren aurka

Edan baso bat ur edota zuku naturala.

Murtxikatu azukrerik gabeko txiklea, jan itzazu fruituak, etab. Eduki objekturen bat esku artean.

Aldi batez zure burmuinaren barnean dagoen mintzo batek erretzera bultzatzen zaituela irudituko zaizu. Entzuterakoan, bidali mezu positiboak zeure buruari. Gogora ezazu uste sendoz erretzeari uzteko erabakiaren arrazoirik garrantzitsuena. Baieztatu harrotasunez lortzeko gauza zarela, gauza zailagoak ere egin dituzula. Indartu zure erabakia. Adore eman!

Zu eta zigarroaren artean maitasun/gorroto harremana dago. Gustatzen zaizun arren, kalte egiten dizula badakizu. Kontuan izan, beste edozein "maitasunarekin" gertatzen den bezala, egun hauetan sentitzen duzun zigarro-mina apurka-apurka desagertuz joango dela. Har ezazu egiaztatzeko denbora.

 

Nola jokatu gogoa agertzean erronkatik ondo ateratzeko?

Pentsa ezazu gogo hauek etorri diren bezala joaten direla. Zenbait segundoz baino ez duzu zure ez erretzeko erabakia gauzatu behar.

Gogora ezazu egunak igaro ahala, gogoa txikiagoa izango dela. Aldi batez iraungo du, baina kontrolatzea gero eta errazagoa gertatuko zaizu.

Har ezazu arnasa sakonki. Hartu arnasa sudurretik,bitartean puztu lehenengo sabela eta ondoren bularra. Bete itzazu airez zure birikiak. Eduki bertan segundo batzuk. Kontzentratu arnasketan eta errepika ezazu ariketa hau zenbait segundoz. Denbora ematen eta lasaitzen lagunduko zaitu.